Jadanik bi hamarkada igaro dira Berlingo harresia eraitsi zutenetik. Hogei urte II. Mundu Gerra izan eta gero sortutako mundua betiko aldatu zenetik. Gertaera hori beti aurkeztu egin digute mundu zibilizatuaren garaipen handi baten moduan, grekoek Platean lortutakoaren modukoa. Baina mendebaldeak lortutako garaipen hori hain ona izan ote da munduarentzat? Nire uste apalean, ez.
1989. urtean Berlinen ikusi zena neoliberalismoaren garaipen handia izan zen. Thatcher-ek eta Reaganek -Bush aitak ere- azkenean deabru komunista menperatu zuten, eta kapitalismoaren azken mugak hautsi zituzten. Orduan suposatzen zen munduaren ezberdintasunak merkatu libreak berdinduko zituela, eta demokrazia liberala munduaren bazter guztietara ailegatuko zela. Ezta hurrik eman ere. Hogei urte geroago ikusten dugu mendebaldearen etsairik arriskutsuenak guk geuk sortu genituela komunismoa borrokatzeko -talibanak, esaterako-.
Beste alde batetik, mendebaldearen gorentasun honek pobrezia besterik ez die ekarri munduaren beste alde guztiei. Herri horiei «laguntzeko» AEBek eta EBk sortutako erakundeek haien pobrezia larritu besterik ez dute egin. NDF eta MBren maileguek herrialde horietako zorrak handitu dituzte, eta, bide batez, mendebaldearekiko haien menpekotasuna handitu. Gainera, hori gutxi balitz bezala, bi munstro kapitalista horiek nekazaritza alorrean bultzatutako politika protekzionistak oztopatu egiten du herrialde «ez-garatu» horien bizi iraupen bakarra.
Baina egoera konpontzeko asmorik ez da agertzen inondik ere. Adibidez, gosetearen kontrako gudan ere mendebaldeak etekinak ateratzeko grina erakusten du. Afrika osoa hazi transgenikoz gainezkatu dugu, eta nekazarien pobrezia areagotu, bide batez. Betiere, gure munduaren filosofia berria beste arazoen gainetik ezarri nahi dugu; hau da, negozioa egin nahi dugu edozein arrazoi dela medio. Nahiz eta tartean bizitzak egon. Azkenean, guk Berlinen su artifizialak jaurtitzen ditugun bitartean, munduaren bi heren goseak jota hiltzen da.
Ondorio moduan esan dezakegu bestelako mundu bat posible dela. Hego Ameriketatik lehen ahotsak altxatu dira gure arpilatze etengabearen kontra. Ez dut uste antzinako komunismoak formula miragarri horren emaitza emango zigunik, baina ziurrenik Engels eta Marxen pentsaeratik gertuago egongo da mundu ideal hori. Ezin dugu ezer ospatu guk Berlingoa baino altuagoak diren harresiak etengabe eraikitzen baditugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario